Ogiari buruzko aholkuak

Gu ahalik eta ogi goxoenak egiten saiatzen gara baina erosi ondoren bere ezaugarriak ahalik eta denbora luzeenan mantendu ahal izateko ondorengo aholkuak jarrai ditzakezu:

  • Ogia itzaletan eta lehor dagoen toki batean eduki. Hezetasunak ogia asko biguntzen du (txikle moduan utziz) eta eguzkiak eta hego haizeak asko lehortzen du (gogorra utziz).
  • Paperezko edo oihalezko poltsak erabili ogia eraman eta gordetzeko. Ahal dela ez sartu plastikozko poltsetan eta are gutxiago ogia labetik atera berria badago (itxaron minutu batzuk poltsan sartu aurretik, segituan hoztuko da eta).
  • Ogia izoztu nahi baduzu beti egin berria izan dadila, egun osoa bueltaka ibili den ogia gauean izozkailura sartu ezkero ez da ona aterako. Dena bezala: izozkailuan produktu ona sartu ezkero ona atera daiteke, baina erdipurdikoa izan ezkero ez da ona aterako.
  • Ogia izozteko paperean edo oihaletan bildu.
  • Izoztutako ogia bere onera ekartzeko, kanpoan ordu bete uztea nahikoa da. Labean minutu batzuk sar daiteke 'krux' egitea lortzeko edo eguraldi ona egiten badu eguzkitan pixkatean edukita berdina lortuko dugu.
 
Etxe guztietan zaila izaten da zenbat ogi jango dugun aurreikustea: batzutan motz geratzen gara eta bestetan aldiz ogia soberan izaten dugu. Ogi zaharrak erabilera ugari ditu:
  • Bezperako ogia xerretan moztu, xigorgailuan sartu eta tostadak egin ditzakegu. Gosaltzeko edo lagungarri gisa pikatzeko balioko digute: foie, txatka, hegaluzea...
  • Ogi zaharra birrinduz ogi birrindua lortuko dugu. Ogia ez badago nahikoa lehor labean sartu tenperatura baxuan.